Elizondoko Juanjo Atxa Mindegia pilotalekuan egingo da Euskal Herriko Ardi Moztaileen Elkarteak antolatutako lehiaketa

  • Egun osoko iraupena izango duen programaren barruan Euskal Herriko zein nazioarteko ardi moztaileak arituko dira lehian
  • Azoka eta bestelako ekintzak ere jasoko ditu egitarauak, goizetik iluntzera bitarte

Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketaren bigarren edizioa irailaren 19an ospatuko da Elizondon, Nafarroan, Juanjo Atxa Mindegia pilotalekuan. Euskal Herriko Ardi Moztaileen Elkarteak (EAME) antolatutako txapelketak egun osoko egitaraua izango du: kirol lehiak, azoka eta bestelako ekintzak jasoko ditu programak, goizetik iluntzera bitarte. Lagun artean zein familian gozatzeko aukera paregabea izango da.

Bi dira Euskal Herriko eta Nazioarteko Txapelketan ardi moztaileak lehiatuko diren modalitateak: makina eta guraizea. Makina bidezkoan, ardiaren ilea elektrizitate bidezko makinarekin kenduko dute. Guraize modalitatean, ardien ilea eskuzko artaziekin moztuko dute.

Gauzak horrela, Euskal Herriko zein nazioarteko ardi moztaileak lehian ikusteko aukera izango da. Herrialde gonbidatuen artean daude Alemania, Gales, Ingalaterra, Eskozia, Irlanda, Frantzia eta Espainia. Parte-hartzaileen zerrenda ofiziala txapelketaren aurretik jakinaraziko da.

Euskal Ardi Moztaileen Elkartearen asmoa da urtez urte txapelketa Euskal Herriko toki desberdin batean egitea. Aurtengoan, Nafarroan izango da eta Elizondo bilakatuko da ardi mozte lehiakorraren topagunea. Elkartetik Euskal Herri osoari bertara hurbiltzeko deia luzatzen zaio, giro bikainaz eta goi mailako ikuskizunaz gozatzeko.

“Gaur egun, hazten ari den moztaile familia bat gara. Nazioarteko aitortza ofiziala jaso dugu Euskal Herri osoaren izenean; elkartea sortu dugu eta, lehiaketa ofizial bat ospatu dugu. Aurten, gainera, lehen aldiz izan gara Munduko Txapelketan, Euskal Herria ordezkatzen. Horrez gain, Munduko Kontseiluko kide ere izendatu gaituzte. Haratago, ardi moztaileok gazteongan inspiragarri izan nahi dugu. Izugarria da egiten ari garen bidea. Zabaltzen ari zaizkigun bide berriak. Hankak lurrean ditugu eta badakigu lan asko dagoela egiteko, baina bidea egiten ari gara eta horretan jarraituko dugu. Orain arteko filosofia berarekin: lana, pasioa eta gozamena”, nabarmendu dute EAMEko moztaileek.

 

Gaur egun, hazten ari den moztaile familia bat gara. Nazioarteko aitortza ofiziala jaso dugu Euskal Herri osoaren izenean; elkartea sortu dugu eta, lehiaketa ofizial bat ospatu dugu. Aurten, gainera, lehen aldiz izan gara Munduko Txapelketan, Euskal Herria ordezkatzen. Horrez gain, Munduko Kontseiluko kide ere izendatu gaituzte.

EHko moztaileek

Haratago, ardi moztaileok gazteongan inspiragarri izan nahi dugu. Izugarria da egiten ari garen bidea. Zabaltzen ari zaizkigun bide berriak. Hankak lurrean ditugu eta badakigu lan asko dagoela egiteko, baina bidea egiten ari gara eta horretan jarraituko dugu. Orain arteko filosofia berarekin: lana, pasioa eta gozamena.

EHko moztaileek

Euskal Ardi Moztaileen Elkartea (EAME)

Euskal Herriko Ardi Moztaileen Elkarteak (EAME), euskal ardi mozketari eta artilaritzari ikusgarritasuna ematen dio Euskal Herrian zein mundu mailan, ofizio eta kirol gisa duen balioa azpimarratuta. Munduko industriarik zaharrenetako bati merezi duen aitortza eta tokia ematea ditu helburu. Artzaintza babesten dute. Lehen sektorearen bultzatzaile dira.

Euskal Herrian zein mundu zabalean aritzen dira euskal moztaileak eta artilariak zerbitzu profesionala eskaintzen, formakuntzak ematen, erakustaldiak egiten eta lehiaketa ofizialetan parte hartzen. Are gehiago, nazioarteko txapelketetan Euskal Herriaren izenean aritzen dira.

EAMEk, bere txikitasunean, Euskal Herrian zein mundu mailan lorpen handiak erdiesteko gaitasuna duela erakutsi du. Euskal ardi mozketaren inguruan egindako ahalegin kolektiboak bere fruituak eman ditu, ondorengo mugarriak dira horren adierazle:

2023ko ekainak 21

Golden Shears Munduko Kontseiluak Euskal Herriari aitortza ofiziala eman zion Euskal Herriaren izenean nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko.

2024ko maiatzak 1

Euskal Herriko Ardi Moztaileen Elkartearen (EAME) sorrera.

2025eko irailak 27

Euskal Herriko Txapelketaren lehen edizioa Abadiñon.

2026ko martxoak 4-7

Munduko Txapelketan parte hartu zuen Euskal Herriko selekzioak lehen aldiz, Zeelanda Berrian, beste 26 naziorekin batera. Gainera, Euskal Herria, ofizialki, Munduko Kontseiluko kide berri izendatu zuten.

Leave a Reply