Abadiñon iaz ospatutako lehen edizio historikoaren ondoren, txapelketak Euskal Herrian barrena egingo du aurrera, eta aurten Elizondoko (Nafarroa) Juanjo Atxa Mindegia pilotalekua bilakatuko da Euskal Herriko eta nazioarteko ardi moztaileen topaleku
- Euskal Herriko txapelketaz gain nazioen arteko lehiaketa jokatuko dute Euskal Herriak, Alemaniak, Eskoziak, Espainiak, Frantziak, Galesek, Ingalaterrak eta Irlandak
- Teknika, abiadura eta trebezia handiko ikuskizuna izango da, maila handiko 80 moztaile bilduko ditu txapelketak eta Nafarroatik etorritako 1.000 Latxa eta Rasa ardiri ilea moztuko diete
- Egun osoko egitaraua antolatu da eta lagun artean zein familian gozatzeko aukera paregabea eskainiko da: lehiak, artilezko erakustaldiak, bertako produktuak, artisau azoka eta beste hainbat ekitaldi
- Txapelketa zuzenean jarraitu ahal izango da streaming bidez EAMEren Youtube kanalean
Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketaren bigarren edizioa irailaren 19an ospatuko da Elizondoko Juanjo Atxa Mindegia pilotalekuan. Pasa den urteko estreinako edizio historikoari jarraipena emanez, aurtengoan ere, egun osoko egitarau oparoa antolatu du Euskal Herriko Ardi Moztaileen Elkarteak (EAME) goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara, lagun artean zein familian gozatzeko aukera paregabea eskainita Elizondora gerturatzen diren guztientzat. Atzera kontagailua martxan da.
Lehen edizioak abiapuntua jarri zuen. Aurten, txapelketak urrats berri bat eman eta Euskal Herrian barrena hasi du bidea. Euskal Herriko Ardi Moztaileen Elkarteak (EAME) txapelketa ibiltaria izatea du helburu, eta datozen edizioetan Euskal Herriko lurralde guztietara eramateko asmoa du.
“Abadiñon lehen edizioarekin proiektu honi hasiera eman genion. Lehen aldia izateak bazuen indar berezi bat, eta aurten bigarren edizioarekin proiektuari jarraipena eman nahi diogu, arnasa eman eta sendotu. Elizondo izango da bigarren geltokia, eta gure helburua txapelketa Euskal Herri osora eramatea da”, azaldu dute Euskal Herriko Ardi Moztaileen Elkarteko ordezkariek.
Bigarren edizioak iazkoaren esentzia eta identitate bera izango ditu, ardi-mozketako lehiaketa egun osoko egitarau oparo batekin uztartuz. Goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara, Elizondora hurbiltzen diren lagun eta familiek egun pasa bikainaz gozatzeko aukera izango dute horretarako prestatu den programa bereziarekin.
Euskal Herriko eta nazioarteko 80 moztaile lehian
Txapelketaren ardatz nagusia lehiaketa izango da, Euskal Herriko eta Nazioarteko Txapelketak. Gauzak horrela, Euskal Herriko moztaileekin batera, nazioarteko parte-hartzaileek ere arituko dira lehian Elizondon, maila handiko ardi-moztaileak bilduko dituen hitzorduan.
Euskal Herriko Txapelketaz gain, Nazioarteko Txapelketa ere jokatuko da. Bertan Euskal Herriak, Alemaniak, Eskoziak, Espainiak, Frantziak, Galesek, Ingalaterrak eta Irlandak neurtuko dituzte indarrak.
Bi modalitatetan lehiatuko dira moztaileak: makinaz eta guraizez. Makina bidezko modalitatean, ardiaren ilea makina elektrikoarekin kenduko dute; guraizezkoan, berriz, eskuzko artazien bidez egingo dute lana.
Guztira, 80 moztailek hartuko dute parte – 60 makinaz (40 Open mailan eta 20 Senior mailan) eta 20 guraizez –, eta Euskal Herriko hainbat lekutatik ekarritako 1.000 Latxa eta Rasa ardiri moztuko diete ilea. Teknika, abiadura, zehaztasuna eta trebetasuna izango dira protagonista. Izan ere, ardi-mozketa lehiakorrak, kirolak, ikuskizun ikusgarri bihurtzen du tradizioz landa-eremuarekin eta artzaintzarekin lotutako ofizio bat.
Goizean egingo dira lehen lehiaketak. 08:30etik 13:30era, Euskal Herriko Txapelketaren eta Nazioarteko Txapelketaren kanporaketak jokatuko dira, makina zein guraize modalitateetan. Arratsaldean, 15:00etatik aurrera, final-erdiak eta finalak izango dira. Jardunaldiaren amaieran ezagutuko dira Euskal Herriko txapelduna eta nazioarteko lehiaketako selekzio garailea. Tartean, sorpresa txikiak ikusleen gozamenerako.
Egun osoko egitarau oparoa
Lehiaketaz gain, EAMEk egun osoko programa prestatu du Elizondora hurbiltzen diren guztientzat. 08:00etatik 20:00etara, ardi-mozketaren mundua ezagutzeko eta gozatzeko aukera izango da, lehiaketa eta erakustaldiekin batera.
Egitarauak honako hauek izango ditu, besteak beste: Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketa, Nazioarteko lehiaketa, artile erakusladiak, bertako produktuak, artisau azoka eta egunean zehar egingo diren beste hainbat ekitaldi sorpresa. Gauzak horrela, txapelketa lagun artean zein familian gozatzeko proposamen ederrean bilakatuko da.
Horrez gain, bertaratu ezin dutenek, lehiaketa zuzenean jarraitu ahal izango dute Euskal Herriko Ardi Moztaileen Elkartearen (@moztaileak) YouTube kanalean (https://www.youtube.com/@moztaileak), streaming bidez emitituko baita txapelketa. Lasterbidea ere ipiniko da www.moztaileak.eus webgunean.
Ardi-moztaileen lanari ikusgaitasuna
Txapelketaren helburua ez da soilik ardi-mozketaren lehia sustatzea. EAMErentzat, artzaintzari eta lehen sektoreari lotutako lanbide baten balioa eta ikusgarritasuna aldarrikatzeko ere balioko du hitzorduak.
Euskal Herriak artzaintzan eta abeltzaintzan sustrai sakonak izan ditu, eta ardi-moztaileen lana ezinbestekoa da artaldeen kudeaketan. Hala ere, sarritan ikusezina den jarduera bilakatu da eta, elkarteak, ekitaldi, erakustaldi zein txapelketen bitartez ikusgarritasuna eman nahi dio, belaunaldi berriak erakartzeko asmotan.
“Txapelketaren bidez ondare hori omendu nahi dugu, eta sarritan ikusezina den lanbide garrantzitsu bat balioan jarri: ardi-moztaileena. Aldi berean, ardi-mozketa lehiakorra indartu nahi dugu eta belaunaldi berriei jarduera honen ateak ireki, Europako beste herrialde askotan egiten ari diren bezala. Ardi-mozketa behar beharrezko lanbidea baita”, azaldu dute EAMEtik.
Elkartearen helburua, gainera, Euskal Herriko Ardi Moztaileen proiektua Euskal Herri osora zabaltzea da. “Gure asmoa txapelketa ibiltaria izatea da eta Euskal Herriko lurralde guztietan geldialdiak egiteko ahalegina egingo dugu. Abadiño izan zen abiapuntua eta Elizondo bigarren geltokia. Pixkanaka, urtez urte, Euskal Herri osora iritsi nahi dugu”, gaineratu dute.
Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketaren bigarren edizioak Baztango Udalaren, Reyno Gourmeten, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien eta Laboral Kutxaren babesa du. Artzai Gazta, Ossau Iraty, Venostal, Juan Celaya Fundazioa, Gu ere bai, Erromantzazuko, Amaiurko, Zugarramurdiko, Doneztebeko, Atarrabiako eta Berako Udalen laguntza ere jaso du.
EAMEk eskerrak eman nahi dizkie txapelketa eta jardunaldia posible egiten duten babesle eta laguntzaile guztiei, eta bereziki artzainei: iraganeko, gaur egungo eta etorkizuneko artzainei, haien lanak egiten baitu posible ardi-mozketaren tradizioak aurrera jarraitzea.
