80 moztailek hartuko dute parte, eta programazio zabala izango da egun osoan zehar familian eta lagun artean gozatzeko: artisau azoka, artile erakustaldiak, bertako produktuak, jan-edana eta girotze ekitaldiak.
- Juanjo Atxa Mindegia pilotalekua Euskal Herriko Ardi Moztaile Txapelketaren bigarren edizioaren testigu izango da larunbat honetan, irailaren 19an.
- Txapelketa zuzenean jarraitu ahal izango da streaming bidez EAMEren Youtube kanalean.
Elizondo prest da egun handirako. Larunbat honetan, irailaren 19an, Juanjo Atxa Mindegia pilotalekua Euskal Herriko Ardi Moztaile Txapelketaren bigarren edizioaren topaleku bilakatuko da, Euskal Herriko eta Europako hainbat herrialdetako moztailerik onenak bilduko dituen hitzorduan. Artzaintzari eta landa eremuari estu lotutako lanbidea eta kirola gertutik ezagutzeko aukera paregabea eskainiko du txapelketak.
Atzera kontaketa azken txanpan sartu da. Euskal Herriko Ardi Moztaileen Elkartea (EAME) azken uneko prestaketa lanak egiten ari da, bertaratzen den pertsona orok egun osoko jardunaldi bikain batez goza dezan. Txapelketa izango da eguneko ardatz nagusia, baina aldi berean publiko guztien gozamenerako programazio zabala osatu da: artisau azoka, artile erakustaldiak, bertako produktuak, jan-edana eta girotze ekitaldiak. Txapelketarako sarrera zein antolatu diren jarduerak zein ekitaldiak doakoak dira.
“Azken txanpan betean gaude jada, eta larunbata iristeko gogo biziz gaude. Ardi-moztaileentzako jardunaldi bikaina izatea nahi dugu, baina baita Elizondorentzat eta bertara gerturako diren pertsona guztientzat ere. Egun handia izango dela aurreikusten dugu eta horretarako osagai guztiak ipini ditugu mahai gainean. Elizondora hurbiltzen den pertsona orok egun hau bere oroimenean gordeta eramatea gustatuko litzaiguke; ogibide eta kirol hau gertutik ezagutu eta, ahal den neurrian, beren barnean zerbait piztea”, adierazi dute EAMEtik.
Ardi-moztailerik onenak, lehian
Orotara, 80 ardi-moztailek txapelketako proba ezberdinetan parte hartuko dute, eta abiadura, zehaztasuna, teknika eta trebetasun handiko ikuskizuna izango da. Guztira, Nafarroatik ekarritako Latxa eta Rasa arrazetako 1.000 bat ardiri moztuko diete ilea.
Makina bidezko zein guraize bidezko probak egingo dira. Horrez gain, Euskal Herriko Txapelketarekin batera, nazioarteko lehiaketa ere izango da Elizondon, eta Euskal Herriko, Alemaniako, Eskoziako, Espainiako, Frantziako, Galesko, Ingalaterrako eta Irlandako selekzioek neurtuko dituzte indarrak.
Sailkapen-probak goizean egingo dira, 08:30etik 13:30era, eta arratsaldean iritsiko da une erabakigarria, finalerdi eta finalekin, 15:00etatik aurrera. Jardunaldiaren amaieran, Euskal Herriko txapeldunak zein nazioarteko lehiaketako selekzio irabazlea ezagutuko dira. Tartean, sorpresa txikiak ikusleen gozamenerako.
Lehiaketa baino askoz gehiago
Txapelketak Elizondo ardi-mozketaren eta landa-eremuaren topagune bihurtu nahi du. Horregatik, kirol-probez gain, egun osoan zehar hainbat jarduera izango dira publikoari ardi-mozketa eta artilearen aprobetxamendua gertutik ezagutarazteko.
Programan, besteak beste, artile-erakustaldiak, tokiko produktuak, artisau-azoka, jan-edana eta beste hainbat girotze jarduera izango dira. Lagun eta familia artean txapelketaz gozatzeko eta ardi-mozketaren atzean dagoen lana, teknika eta tradizioa gertutik ezagutzeko aukera eskainiko da.
EAMErentzat, alderdi hori txapelketaren funtsezko osagaietako bat da. “Txapelketara hurbiltzen den jendeak ardi mozketa hurbiletik ikusi ahal izatea nahi dugu, eta jakitea moztaile bakoitzaren atzean prestakuntza, ezagutza eta trebetasun handia eskatzen duen lanbide eta kirol bat dagoela, oso baliotsua dena. Aldi berean, artzaintzarekin eta gure landa ingurunearekin duen harremana balioan jarri nahi dugu”, azaldu dute.
Txapelketa ibiltari baten bigarren geltokia
Elizondoko hitzordua Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketaren bigarren edizioa izango da, iaz Abadiñon egindako lehen edizioaren ondoren. Horrela, EAMEk txapelketa ibiltaria bihurtzeko apustuari eusten dio, datozen edizioetan Euskal Herriko lurralde ezberdinetatik igarotzeko helburuarekin.
Elkartearen ustez, ibilbide horri esker, ardi-mozketa hainbat komunitatetara hurbildu eta lehiaketa sendotzen jarraitu ahal izango da. Izan ere, kirol-alderdiaz gain, lehen sektorearentzat funtsezkoa den eta artzaintza-kulturarekin estuki lotuta dagoen lanbide bati ikusgarritasuna emateko lagungarri da txapelketa.
Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketaren bigarren edizioak Baztango Udalaren, Reyno Gourmeten, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien eta Laboral Kutxaren babesa du. Artzai Gazta, Ossau Iraty, Venostal, Juan Celaya Fundazioa, Gu ere bai, Erromantzazuko, Amaiurko, Zugarramurdiko, Doneztebeko, Atarrabiako eta Berako Udalen laguntza ere jaso du.
Dena prest larunbaterako
Jardunaldia 08:00etan hasiko da eta 20:30ak arte luzatuko da, Elizondoko Juanjo Atxa Mindegia pilotalekuan. Lehen probak goizean egingo dira, eta finalak arratsaldean. Elizondora joaterik ez dutenek EAMEren YouTube (https://www.youtube.com/@moztaileak), kanalaren bidez jarraitu ahal izango dute lehiaketa zuzenean, streaming bidezko emanaldiarekin.
Dena prest dago eta atzerako kontaketa azken txanpan sartu da. Larunbatean, Elizondo ardi-moztailetzaren topagune erraldoian bilakatuko da, lehiaketa, tradizioa eta landa-mundua jardunaldi berean uztartuz.
