Bigarren edizioak 80 moztaile bildu ditu eta jendetza erakarri du Elizondora; EAMEk oso balorazio positiboa egiten du eta txapelketa Euskal Herrian zehar eramateko apustua berretsi du.

  • Euskal Herriko txapelduna guraizez Josu Ekisoain (Ibiriku, Nafarroa) izan da eta makinaz Joseba Ugalde (Lezama, Bizkaia).
  • Nazioarteko lehia Galesek irabazi du.
  • Open kategorian guraizez William Craig (Eskozia) eta Llyr Evans (Gales) makinaz izan dira garaile.
  • Senior kategorian Duncan Adams (Eskozia) lortu du garaipena
  • Euskal Herriko moztaileek egindako lana eta emandako maila nabarmendu nahi du EAMEk.

Amaitu da Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketaren bigarren edizioa, eta Elizondok txapelketaren sendotzea berretsi du. Juanjo Atxa Mindegia pilotalekua Euskal Herriko eta nazioarteko ardi-moztaileen, artzainen, sektoreko profesionalen eta zaleen topagune izan da larunbat honetan, eta 80 moztailek maila handiko ikuskizuna eskaini dute.

Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak (EAME) oso balorazio positiboa egiten du jardunaldiaren amaieran. “Oso pozik eta asebeteta gaude Elizondon bizi izan dugunarekin. Iaz Abadiñon ikusi genuen txapelketak bazuela ibilbidea, eta gaur baieztatu egin dugu. Jendeak erantzun egin du, moztaileek maila handia erakutsi dute, bai gureek eta baita nazioartekoek ere; giroa bikaina izan da. Hunkituta eta beteta sentitzen gara. Gure oroimenean jasoko dugun egun horietakoa. Guretzat oso garrantzitsua da ikustea ardi-mozketak interesa sortzen duela sektoretik harago”, azaldu dute EAMEtik.

Elizondo, ardi-moztaileen topagune

80 moztailek hartu dute parte bigarren edizio honetan, Euskal Herritik zein nazioarteko hainbat herrialdetatik etorrita. Guztira, 1.000 bat Latxa eta Rasa ardiri moztu diete ilea. Goizeko sailkapen-probetatik arratsaldeko finaletara arte maila handiko lehia izan da.

  • Euskal Herriko txapelduna guraizez Josu Ekisoain (Ibiriku) izan da, 2. Joseba Ugalde (Lezama), 3. Ipar Arrinda (Lekeitio) eta 4. Xabi Harluxet (Ahaxe).
  • Euskal Herriko txapelduna makinaz Joseba Ugalde (Lezama) izan da, 2. Mikel Etxebarria (Dima), 3. Ipar Arrinda (Lekeitio) eta 4. Romain Jonquet (Aiherra).
  • Nazioarteko lehian Gales izan da garaile, 2. Euskal Herria, 3. Espainia, 4. Frantzia, 5. Eskozia, 6. Irlanda, 7. Ingalaterra eta 8. Alemania.
  • Open kategorian William Craig (Eskozia) izan da txapelduna guraizezko modalitatean, 2. Ipar Arrinda (Euskal Herria), 3. Joseba Ugalde (Euskal Herria) eta 4. Clive Hamer (Gales).
  • Open kategorian makinazko modalitatean, Llyr Evans (Gales) txapelduna, 2. Pierre Grancher (Frantzia), 3. Gwydion Davies (Gales) eta 4. Mikel Etxebarria (Euskal Herria).
  • Senior kategorian Duncan Adams (Eskozia) izan da garaile, 2. Lucie Grancher (Frantzia), 3. Paddy Dunne (Irlanda) eta 4. Mikel Galvez (Euskal Herria).

Lehiaketak, gainera, jendetza erakarri du Elizondora, jardunaldia bertatik bertara ikusteko eta gozatzeko; beste hainbatek streaming bidez jarraitu ahal izan dute EAMEren YouTube kanalaren bitartez.

“Pilotalekua bete egin da eta egun osoan zehar giro aparta izan dugu. Horrek erakusten digu jendeak interesa duela ardi-mozketaren inguruan eta kirol moduan ere erakargarria dela. Oso garrantzitsua da guretzat, baina baita sektorearentzat ere”, adierazi du EAMEk.

“

Oso pozik eta asebeteta gaude Elizondon bizi izan dugunarekin. Iaz Abadiñon ikusi genuen txapelketak bazuela ibilbidea, eta gaur baieztatu egin dugu. Jendeak erantzun egin du, moztaileek maila handia erakutsi dute, bai gureek eta baita nazioartekoek ere; giroa bikaina izan da. Hunkituta eta beteta sentitzen gara. Gure oroimenean jasoko dugun egun horietakoa. Guretzat oso garrantzitsua da ikustea ardi-mozketak interesa sortzen duela sektoretik harago.

EHko moztaileek
“

Abadiñon bidea ireki genuen. Elizondon, berriz, bide horretan aurrera egiteko gai garela ikusi dugu. Gure asmoa da txapelketa Euskal Herriko txoko ezberdinetara eramatea eta urtez urte hazten jarraitzea. Ez dugu nahi egun bateko ekitaldia izatea; Euskal Herriko ardi-mozketaren topagune eta erreferentzia bihurtu nahi dugu.

EHko moztaileek

Lehiaketaz haratago

Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketa kirol-lehiaketa izateaz gain, ardi-mozketaren lanbidea eta artzaintzarekin duen lotura ikusarazteko topagunea izan nahi du. Horregatik, lehiaketarekin batera, artilearekin lotutako erakustaldiak, tokiko produktuak, artisautza eta publiko guztiari zuzendutako beste hainbat jarduera izan dira Elizondon. Helburua moztaileen mundua herritarrengana hurbiltzea eta lanbide baten atzean dagoen ezagutza, teknika eta prestakuntza erakustea izan da.

“Ardi-moztailea izatea ez da soilik ardiak moztea. Prestakuntza, teknika, abiadura, eta zehaztasuna behar dira. Artzaintzarekin eta landa-ingurunearekin oso lotuta dagoen ogibidea da. Garrantzitsua da hori guztia ikusaraztea eta belaunaldi berriei helaraztea. Balio handiko lanbidea da eta behar beharrezkoa gure gizartean”, azaldu dute EAMEko ordezkariek.

Abadiñotik Elizondora: txapelketa ibiltariaren bigarren urratsa

Elizondoko edizioak txapelketa ibiltariaren proiektua sendotu du. Iaz Abadiñon egindako lehen edizioaren ondoren, Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketak Nafarroan egin du bere bigarren geltokia, eta EAMEk Euskal Herriko lurralde ezberdinetara eramateko helburuari eutsi dio.

“Abadiñon bidea ireki genuen. Elizondon, berriz, bide horretan aurrera egiteko gai garela ikusi dugu. Gure asmoa da txapelketa Euskal Herriko txoko ezberdinetara eramatea eta urtez urte hazten jarraitzea. Ez dugu nahi egun bateko ekitaldia izatea; Euskal Herriko ardi-mozketaren topagune eta erreferentzia bihurtu nahi dugu”, adierazi dute.

Ildo horretan, EAMEk eskerrak eman nahi izan dizkie txapelketa posible egin duten pertsona eta erakunde guztiei: parte hartu duten moztaileei, artzainei, boluntarioei, ikusleei, babesleei, erakunde laguntzaileei eta Elizondora gerturatu diren guztiei.

Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketaren bigarren edizioak Baztango Udalaren, Reyno Gourmeten, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien eta Laboral Kutxaren  babesa du. Artzai Gazta, Ossau Iraty, Venostal, Juan Celaya Fundazioa, Gu ere bai, Erromantzazuko, Amaiurko, Zugarramurdiko, Doneztebeko, Atarrabiako eta Berako Udalen laguntza ere jaso du.

Bidean jarraitzeko garaia

Duela urte gutxi, Euskal Herriko ardi-moztaileek nazioarteko aitortza lortu eta elkartea sortu zuten. 2025ean lehen Euskal Herriko Txapelketa egin zuten Abadiñon, eta 2026an Munduko Txapelketan parte hartu zuten lehen aldiz Euskal Herria ordezkatuta. Halaber, Munduko Kontseiluko kide izendatu dute Euskal Herria. Gaur, Euskal Herriko Txapelketaren bigarren edizioa antolatu dute Elizondon. Urte gutxian, mugarri historiko asko eta askotarikoak.

“Bi urte hauetan urrats handiak egin ditugu, baina oraindik bide luzea dugu egiteko. Garrantzitsuena da gero eta moztaile gehiago batzen ari garela, gero eta jende gehiagok ezagutzen duela gure lana eta Euskal Herriko ardi-mozketak nazioartean ere bere lekua hartzen jarraitzen duela. Elizondok indarra eman digu aurrera egiteko. Bidea elkarrekin egiten jarraitu nahi dugu”, nabarmendu dute Euskal Ardi Moztaileen Elkartetik.

Horrela, Elizondoko bigarren edizioak Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketaren sendotzea berretsi du, eta EAMEk hurrengo edizioari begira jarri du jada fokua, Euskal Herrian zehar txapelketa hazten eta ardi-mozketaren profesionaltasuna, kiroltasuna eta ondarea zabaltzen jarraitzeko.

Utzi iruzkin bat