Makinaz arituko dira Mikel Etxebarria eta Joseba Ugalde; guraizez Ipar Arrinda eta Josu Ekisoain; artilari lanak egingo dituzte Janire Artabe eta Mikel Velascok eta Joseba Attard izango da taldeburua

  • Lehen aldiz Euskal Herriko selekzioa munduko beste 28 herrialderekin batera izango da lehian martxoaren 4tik 7ra Mastertonen
  • Otsailaren 8an abiatuko da euskal selekzioa eta hiru asteko prestakuntza berezia egingo dute kirolariek munduko txapelketaren atarian
  • “Amets bat da Euskal Herria munduko txapelketan ordezkatzeko aukera izatea. Ezin da deskribatu sentitzen duguna. Olatu handi bat da hau eta olatu honen gainean jarraitu nahi dugu. Eskerrik asko orain arte lagundu diguzuen guztioi, guregan sinesten duzuenoi. Bidelagun eta ardiskide guztioi!”
  • Parte-hartze historiko hau Euskal Herriko moztaileen, artzainen eta lehen sektorearen aitorpen eta garaipen bat da

Euskal Herriko moztaileak martxoaren 4tik 7ra Mastertonen, Zeelanda Berrian, ospatuko den munduko txapelketan lehiatuko dira lehen aldiz. Mugarri historikoa izango da Euskal Herria munduko 28 herrialderekin batera lehian izatea. Golden Shears World Championship izenez ezaguna den munduko txapelketa hiru urtean behin ospatzen da.  Aurtengoa izango du hogeigarren edizioa. Euskal Herriko selekzioarentzat lehena.

“Duela bi urte, moztaile soil batzuk besterik ez ginen. Gaur egun, hazten ari den moztaile familia bat gara. Nazioarteko aitortza ofiziala jaso dugu Euskal Herri osoaren izenean; elkartea sortu dugu eta, lehiaketa ofizial bat ospatu dugu Abadiñon, Euskal Herrian inoiz egin den txapelketarik handiena. Orain, munduko txapelketan lehiatuko gara lehen aldiz Euskal Herri osoaren izenean”, gogorarazi dute Euskal Herriko selekzioko kirolariek.

“Ardi moztaileok gazteongan inspiragarri izan nahi dugu. Izugarria da egiten ari garen bidea. Zabaltzen ari zaizkigun bide berriak. Hankak lurrean ditugu eta badakigu lan asko dagoela egiteko, baina bidea egiten ari gara eta horretan jarraituko dugu. Orain arteko filosofia berarekin: lana, lana, lana eta nola ez… artilea”, nabarmendu dute.

Euskal Herriko selekzioa 2025eko nazioarteko zirkuituko eta Abadiñon egindako Euskal Herriko txapelketako emaitzek erabaki dute. Hori horrela, lehenengoz munduko txapelketan parte hartuko duen Euskal Herriko selekzioa makinazko bi moztailek – Mikel Etxebarria (Dima, Bizkaia) eta Joseba Ugalde (Lezama, Bizkaia) –, guraizezko bi moztailek – Ipar Arrinda (Lekeitio, Bizkaia) eta Josu Ekisoain (Ibiriku, Nafarroa) – , bi artilarik – Janire Artabe (Dima, Bizkaia) eta Mikel Velasco (Arrasate, Gipuzkoa) –  eta taldeburuak – Joseba Attard (Bedarona, Bizkaia) – osatuko dute.

“Moztaileok Euskal Herri osoaren ordezkari bilakatuko gara; lehen sektorearen, gure baloreen, ondarearen, jakintzaren, nortasunaren eta identitatearen erakusleiho bilakatuta nazioartean. Ardi moztaileontzat ohore bat da gure herria ordezkatzea”, azpimarratu dute.

“Parte-hartze historiko hau Euskal Herriko moztaileen, artzainen eta lehen sektorearen aitorpen eta garaipen bat da”, aldarrikatu dute.

Otsailaren 8an abiatuko den Euskal Herriko selekzioak EKFB-Euskal Kirol Federazioen Batasuna, Eusko Jaurlaritza-Euskadi Basque Country, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bizkaiko Landa Garapen Elkartea- Bizkaimendi, Abadiñoko Udala, Juan Celaya Fundazioa, Bizkaiko Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna, Gu ere bai , Gure Esku Dago, Eako Udala, Arrasateko Udala, Filmak eta EITB ditu bidelagun.

Parte-hartze historiko hau Euskal Herriko moztaileen, artzainen eta lehen sektorearen aitorpen eta garaipen bat da.

EHko moztaileek

Otsailaren 8an abiatuko den Euskal Herriko selekzioak EKFB-Euskal Kirol Federazioen Batasuna, Eusko Jaurlaritza-Euskadi Basque Country, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bizkaiko Landa Garapen Elkartea- Bizkaimendi, Abadiñoko Udala, Juan Celaya Fundazioa, Bizkaiko Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna, Gu ere bai , Gure Esku Dago, Eako Udala, Arrasateko Udala, Filmak eta EITB ditu bidelagun.

EHko moztaileek

Munduko Txapelketarako prestakuntza

Datorren igandean, otsailaren 8an, abiatuko da Zeelanda Berriko lurretara Euskal Herriko selekzioa. Espedizioak hiru asteko prestaketa berezia egingo du munduko txapelketa hasi aurretik. Helburua esperientziaz gozatzea bada ere Euskal Herria moztaile herria ere badela aldarrikatu nahi dute mundu mailan.

“Guretzat lehen aldia izango da munduko txapelketan. Munduko moztaile onenekin lehian arituko gara, maila eta esperientzia handia dutenak. Gu gure lana ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara. Han ikusi eta ikasitakoa Euskal Herrira ekarriko dugu, hobetzen jarraitzeko”, adierazi dute euskal selekzioko moztaileek.

Guztiaren gainetik emozioa eta ilusioa dago. Euskal Herria ordezkatzea sortzen duen sentimendu berezia. Indarra. Gogoa. “Amets bat da Euskal Herria munduko txapelketan ordezkatzeko aukera izatea. Ezin da deskribatu sentitzen duguna. Olatu handi bat da hau eta olatu honen gainean jarraitu nahi dugu. Eskerrik asko hau posible egiten duzuen guztioi, guregan sinisten duzutenoi, bidelagun eta ardiskide guztioi!”, gehitu dute.

Euskal Herriko selekzioa 

Makinazko moztaileak

  • Mikel Etxebarria (Dima, Bizkaia)
  • Joseba Ugalde (Lezama, Bizkaia)

Guraizezko moztaileak

  • Ipar Arrinda (Lekeitio, Bizkaia)
  • Josu Ekisoain (Ibiriku, Nafarroa)

Artilariak

  • Janire Artabe (Dima, Bizkaia)
  • Mikel Velasco (Arrasate, Gipuzkoa)

Taldeburua

  • Joseba Attard (Bedarona, Bizkaia)

Leave a Reply