Momentu historikoa izan da, izan ere, Euskal Herriko selekzioa lehen aldiz lehiatzen ari da mundu mailako txapelketarik handienean.

  • Azken asteotan, prestaketa lan intentsiboa osatu du Euskal Herriko selekzioak Zeelanda Berrian, eguneroko entrenamenduak eta tokiko lehiaketak uztartuta
  • Prestaketa lanak osatuta, taldea ilusioz gainezka eta prest dago mundu mailako hitzordurik garrantzitsuenari aurre egiteko

Euskal Herriko moztaileak eta artilariak prest dira larunbatera bitarte Mastertonen, Zeelanda Berrian, ospatuko den Golden Shears and Woolhandling Munduko Txapelketan parte hartzeko. Momentu historikoa izan da, izan ere, Euskal Herriko selekzioa lehen aldiz ari da lehiatzen mundu mailako txapelketarik handienean. Estreinaldia, gainera, ardi mozketa modernoaren sorlekutzat jotzen den herrialdean izango da.

Azken asteotan, prestaketa lan intentsiboa osatu du Euskal Herriko selekzioak Zeelanda Berrian. Ohikoa ez den inguru, lan-erritmo eta ardi-motaren ezaugarrietara egokitu dira. Eguneroko entrenamenduak tokiko lehiaketekin uztartu dituzte, eta horietan, beren maila neurtu ahal izan dute herrialde desberdinetako moztailerik eta artilaririk onenekin.

“Lan asko egin dugu azken asteetan. Asko ikasi dugu eta egokitzapena ongi joan da. Eguneroko entrenamenduek, lehiaketek eta erreferente diren mundu mailako moztaile zein artilariekin prestakuntzan aritzeak, nazioarteko maila gorenaren erritmoa eta exijentzia bertatik bertara ezagutzeko aukera eman digu. Ardi motara eta artilera moldatzeko egin dugun prestakuntza zorrotza bezain aberasgarria izan da”, nabarmendu dute Zeelanda Berrian diren Euskal Herriko moztaileek eta artilariek.

Makina eta guraize bidezko mozketa eta artile sailkapena, artilaritza, perfekzionatu dira. Horretarako, funtsezko alderdi batzuk landu dira, hala nola, biloaren garbiketa, ardien kokapena, mugimenduen zehaztasuna, orrazien ezaugarriak, abiadura. Halaber, Zeelanda Berriko eta nazioarteko ardi moztaileekin eta artilariekin batera aritzeak xehetasun teknikoak zuzentzeko aukera eskaini digu. Nabarmentzekoa Alan Oldfieldekin, 2019ko munduko txapeldunarekin, egindako lan-jardunaldiak. Elkarlan baliotsu eta oparoa etorkizunera begira.

Ilusioz gainezka eta prest 

Ahalegin fisikoa eta mentala handiak izan dira. Lehiakortasun maila altua eta egokitzapen prozesu azkarra erronka zirraragarria izan da selekzioko kideentzat. Prestaketa lanak osatuta, taldea ilusioz gainezka dago txapelketara begira. Prest mundu mailako hitzordu garrantzitsuenari aurre egiteko.

“Emaitzetatik haratago, Euskal Herria Munduko Txapelketan egotea garaipena da jada. Urrats garrantzitsua euskal lehen sektorearen aitortzarako eta, aldi berean, ardi moztaileon eta artilarion ofizioari ikusgaitasuna emateko ere. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako ezagutza hau bizirik mantentzeko modu bat da”, baieztatu dute selekzioko kideek.

“Munduko Txapelketa errealitate bilakatzeko bidea luzea izan da. Merezi izan du. Baina hau hasiera bat bakarrik ez da, ate berri baten zabaltzea, luzaroan bizirik mantendu nahi duguna. Gure ogibidea merezi duen lekura eramateko lehen harria. Nazioarteko eszenatoki handienera igo eta gozatzeko momentua da. Ardi ibili herri bat gara eta!”, zehaztu dute selekzioko kideek.

Euskal Herriko selekzioak EKFB-Euskal Kirol Federazioen Batasuna, Eusko Jaurlaritza-Euskadi Basque Country, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Laboral Kutxa, Bizkaiko Landa Garapen Elkartea- Bizkaimendi, Abadiñoko Udala, Juan Celaya Fundazioa, Bizkaiko Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna, Gu ere bai , Gure Esku Dago, Eako Udala, Arrasateko Udala eta EITB ditu bidelagun.

Emaitzetatik haratago, Euskal Herria Munduko Txapelketan egotea garaipena da jada. Urrats garrantzitsua euskal lehen sektorearen aitortzarako eta, aldi berean, ardi moztaileon eta artilarion ofizioari ikusgaitasuna emateko ere. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako ezagutza hau bizirik mantentzeko modu bat da.

EHko moztaileek

Munduko Txapelketa errealitate bilakatzeko bidea luzea izan da. Merezi izan du. Baina hau hasiera bat bakarrik ez da, ate berri baten zabaltzea, luzaroan bizirik mantendu nahi duguna. Gure ogibidea merezi duen lekura eramateko lehen harria. Nazioarteko eszenatoki handienera igo eta gozatzeko momentua da. Ardi ibili herri bat gara eta!

EHko moztaileek

Munduko Txapelketan parte hartuko duten herrialdeak

  1. Euskal Herria
  2. Argentina
  3. Australia
  4. Txile
  5. Cook Uharteak
  6. Txekiar Errepublika
  7. Ingalaterra
  8. Estonia
  9. Falkland Uharteak
  10. Frantzia
  11. Alemania
  12. Man Uhartea
  13. Japonia
  14. Mongolia
  15. Herbehereak
  16. Zeelanda Berria
  17. Ipar Irlanda
  18. Norvegia
  19. Irlandar Errepublika
  20. Eskozia
  21. Hego Afrika
  22. Suedia
  23. Suitza
  24. Uruguai
  25. Ameriketako Estatu Batuak
  26. Gales

Leave a Reply