Lehen txapelketa ofiziala asteburuan egin berri dute, Te Puke A&P Lifestyle Show nekazaritza eta abeltzaintza azoka ospetsuan.
- Zeelanda Berriko mozte garaia aprobetxatuta, bertako ardien artilea mozten eta sailkatzen hasiko dira datozen egunetan
- Munduko Txapelketarako teknika, trebetasuna, zehaztasuna, erresistentzia fisikoa eta arintasun fisikoa garatzea eta perfekzionatzea da helburua
- Teknikak ahalik eta gehien hobetzeko eta bertako artilearen ezaugarriak ezagutzeko ikastaro desberdinak egingo dituzte moztaile eta artilariek
- Ingalaterra, Gales, Irlanda, Eskozia, Frantzia edota Zeelanda Berriko moztaileekin eta artilariekin mozte teknikak eta esperientziak elkarbanatu ditu espedizioak
Euskal Herriko selekzioko moztaileak eta artilariak prestakuntza betean dira Zeelanda Berrian eta hasi dituzte jada martxoaren 4tik 7ra Mastertonen ospatuko den Golden Shears Munduko Txapelketarako prestakuntza saio bereziak.
Hori horrela, lehen txapelketa ofizialean asteburuan parte hartu berri dute, Te Puke A&P Lifestyle Show nekazaritza eta abeltzaintza azoka ospetsuan. Euskal Herriko selekzioko moztaileak eta artilariak hainbat herrialdeetako moztaileekin batera aritu dira lehian. Bertako ardi arrazekin txapelketa batean izan duten lehen kontaktua izan da.
“Giro ederrean eta ilusio handiarekin aritu gara txapelketan. Ez da dimentsio handiko lehiaketa bat, baina maila bikaineko moztaileekin eta artilariekin batera aritu gara lehian. Guretzat, maila ofizialean, lehen kontaktua izan da bertako ardi arrazekin. Materiala beraien ezaugarrietara egokitzeko baliagarria izan da eta, aldi berean, mozte mugimenduak eta posizioak hobetzeko. Esperientzia oso aberasgarria izan da guztiontzat”, nabarmendu dute Euskal Herriko selekzioko moztaileek.
Ingalaterra, Gales, Irlanda, Eskozia, Frantzia edota Zeelanda Berriko moztaileekin eta artilariekin mozte teknikak eta esperientziak elkarbanatu dituzte. Euskal Herriko moztaile eta artilarien sektorearen eta munduko beste herrialdeen arteko transmisioa.
Prestakuntza eta egokitzapena
Egokitzapen fasean betean dira Euskal Herriko selekzioko moztaileak eta artilariak eta, Zeelanda Berriko mozte garai betea dela aprobetxatuta, bertako artaldeen ilea mozten eta artilea sailkatzen hasiko dira datozen egunetan. Horrez gain, ikastaro desberdinetan arituko dira teknikak ahalik eta gehien hobetzeko eta artilearen ezaugarriak ezagutzeko.
Trebetasuna, zehaztasuna, erresistentzia fisikoa eta arintasuna garatzeko eta perfekzionatzeko lanean arituko dira Euskal Herriko moztaileak eta artilariak. Prestakuntza zabala burutuko da.
“Esperientziadun moztaileekin elkarlanean arituko gara datozen asteetan bertako ardiak mozteko teknika hobetzeko eta esperientzia praktikoa hartzeko. Ardien ongizatea kontuan hartuta, artilea modu eraginkorrean kentzeko beharrezko posizioak, manipulazioa eta mugimenduak landuko ditugu. Artilearen ezaugarriak ezagutu eta sailkapena ahalik eta modurik eraginkorrenean egiteko ere prestatuko gara”, nabarmendu dute Euskal Herriko selekzioko moztaileek eta artilariek.
Ardiak moztea agian ez da kirol tradizionalaren ereduan sartzen, baina kirol bezala sailkatzea guztiz merezia du. Prestakuntza zorrotza, ahalegin fisikoa eta lehiaketa izaerak kirol honetan nabarmentzeko behar den talentu atletikoa argi eta garbi erakusten dute. Euskal Herriko Ardi Moztaileen Elkarteko moztaileak eta artilariak prest daude Euskal Herriko zein nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko.
Bidelagunak
Euskal Herriko selekzioak EKFB-Euskal Kirol Federazioen Batasuna, Eusko Jaurlaritza-Euskadi Basque Country, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Laboral Kutxa, Bizkaiko Landa Garapen Elkartea- Bizkaimendi, Abadiñoko Udala, Juan Celaya Fundazioa, Bizkaiko Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna, Gu ere bai , Gure Esku Dago, Eako Udala, Arrasateko Udala eta EITB ditu bidelagun.
