Munduko Kontseiluko kide berria izango da aurrerantzean Euskal Herria.
- Euskal Herriko selekzioa munduko moztailerik eta artilaririk onenekin batera aritu da lehian nazioarteko lehiaketa handienean
- Orain, esperientzia historiko honen ondoren, urrats handi bat eman izanaren sentsazioarekin itzultzen da selekzioa; ilusio handiarekin eta etorkizunera begira onena oraindik etortzeke dagoen ziurtasun betearekin
- Txapelketan zehar bizitako esperientzia martxoaren amaieran ETBn emitituko den dokumental batean jasoko da, eta barrutik erakutsiko dute nola bizi izan diren mugarri historiko horiek
Euskal Herriko ardi moztaileen eta artilarien selekzioak mugarri historiko berriak ezarri ditu Mastertonen, Zeelanda Berrian, ospatu den Golden Shears and Woolhandling Munduko Txapelketan. Alde batetik, Euskal Herriko selekzioa lehen aldiz lehiatu da mundu mailako txapelketarik handienean eta, beste alde batetik, Munduko Kontseiluko kide berria izango da aurreratzean.
“Kirolaren esparrutik haratago, moztaileen sektorearen balio kateak egindako lanak eta grinak ereindako fruituak jasotzen hasi gara. Ezartzen ari garen mugarri historiko hauek guztiak dira horren guztiaren erakusleihoa. Hau, ordea, hasi besterik ez da egin. Moztaileon historia idazten jarraitzeko prest eta gogo biziz gaude”, nabarmendu dute Euskal Herriko Ardi Moztaileen Elkarteko kide diren selekzioko moztaileek eta artilariek.
Euskal Herriko selekzioa munduko moztailerik eta artilaririk onenekin batera aritu da lehian. Nazioarteko lehiaketa handienean parte hartzea “sekulakoa” izan da, esperientzia “ahaztezina”. “Izugarria maila, exijentzia, giroa, harremana, lehia eta entrenamenduak. Beste herrialdeetako moztaileekin eta artilariekin izandako elkarrizketak, trukeak eta bizitako uneak. Euskal Herriak nazioarteko eszenatoki handienean egotea merezi duela erakutsi dugu. Asebeteta sentitzen gara, nahiz eta helburu berriei heltzeko irrikaz egon”, adierazi dute selekzioko kideek.
Ardi moztaile modernoaren sorlekutzat jotzen den herrialdean egindako egonaldian, taldeak, motxila bete irakaspen eta esperientzia ekarriko ditu Euskal Herrira. Ardi mota eta erritmo berriak, teknika eta kultura desberdinak. Egun bakoitza erronka fisiko eta mentala izan dira, baina etengabeko ikasgaia. Nazioarteko erreferenteekin sektoreaz hitz egin dute, estiloak kontrastatu dituzte, xehetasunak zuzendu eta etorkizunerako bide berriak zabaldu.
“Emaitzetatik harago, arrasto sakona utzi digu Munduko Txapelketak. Etxean egiten dugun lanarekiko konfiantza indartu dugu. Euskal moztaileak eta artilariak nazioartean lehian aritzeko prest daudela berretsi du. Lotura berriak eraiki, harremanak sendotu, ateak zabaldu eta Euskal Herriko moztaileen unibertsoa munduko mapan kokatzeko balio izan du”, azpimarratu dute.
Euskal Herria, ofizialki, Munduko Kontseiluko kide
Munduko Txapelketaren une esanguratsuenetako bat Euskal Herria ofizialki Munduko Kontseiluko kide izateko jasotako izendapena izan da. Aintzatespen instituzional honek egindako bidea berresten du eta, aldi berean, lehen parte-hartzea ez dela gertaera isolatu bat bermatzen du, aro berri bati hasiera emanez. Isilpean egindako ahalegin kolektiboak bere fruituak eman dituenaren baieztapena da.
“Lorpen hau ez da Zeelanda Berrian gaudenena soilik. Proiektu honetan sinesten duten bidelagun guztiena da. Euskal Herrian dauden moztaile eta artilari guztiena, modu batera edo bestera babesten gaituzten erakunde, enpresa zein pertsonena, tradizioa bizirik mantentzen duten eta diskrezioz baina profesionaltasun handiz lanean jarraitzen duen lehen sektore osoarena. Hau zuen guztiona da eta zuekin batera bidea marrazten jarraitu nahi dugu”, aldarrikatu dute selekzioko kideek.
Esperientzia kontatzeko dokumentala
Txapelketan bizitako esperientzia, gainera, martxoaren amaieran ETBn emitituko den dokumental batean jasota geratuko da. Euskal Herriko selekzioak Munduko Txapelketan egindako bidea jasoko du barrutik. Ikus-entzunezkoak, lehiaketa ez ezik, entrenamenduak, Zeelanda Berriko egokitzapen prozesua eta jada Euskal Herriko moztaileen historiaren parte den abentura baten unerik gizatiarrenak ere erakutsiko ditu.
Zeelanda Berriraino iristeko bidea luzea bezain laburra izan da; gogorra bezain ederra. Determinazioa, konpromisoa eta lan asko egin da horraino iristeko. Orain, esperientzia historiko honen ondoren, urrats handi bat eman izanaren sentsazioarekin itzultzen da selekzioa. Ilusio handiarekin eta etorkizunera begira onena oraindik etortzeke dagoen ziurtasun betearekin.
