Lehen asteko egokitzapen eta ikaskuntza prozesuak gaindituta, selekzioak, bigarren lan astea osatu du, lehiaketa erritmoak areagotuta eta teknikan arreta berezia ipinita.
- Selekzioak entrenamendu intentsiboak egiten jarraitzen du, makina, guraize eta artile sailkapena perfekzionatzeko
- Azken txanpari begira, selekzioak Munduko Txapelketa hasi aurreko azken prestatze-asteari ekingo dio orain
- Selekzioa ilusio handiarekin iritsiko da nazioarteko hitzordu handira, hainbat astez elkarrekin entrenatu, eta esperientzia ahaztezinak bizi ondoren
Astebete eskas gelditzen da 2026ko Golden Shears Munduko Txapelketari hasiera emateko. Euskal Herriko selekzioko ardi moztaileak eta artilariak prestakuntzaren azken fasean dira. Lehen asteko egokitzapen eta ikaskuntza prozesua gaindituta, selekzioak, bigarren lan astea osatu du, lehiaketa erritmoak areagotuta eta teknikan arreta berezia ipinita.
Bide horretan, selekzioak entrenamendu intentsiboak egiten jarraitzen du, makina zein guraize mozketa eta artile sailkapena perfekzionatzeko, Tahiapen eta Taupon. “Helburua mozketa zein artile sailkapenaren eraginkortasuna, garbitasuna eta abiadura hobetzea izaten ari da. Alderdi horiek erabakigarriak dira maila goreneko nazioarteko lehiaketa batean”, nabarmendu dute selekzioko kideek.
Gainera, taldeak, Allan Olfielden, munduko txapeldun izandako Zeelanda Berriko moztaile ospetsuaren, edota Anderson Shearingen gisako erreferenteekin batera entrenatzeko aukera izan dute. “Aukera bereziki baliotsua izan da teknikak alderatzeko, xehetasunak zuzentzeko eta nazioarteko eliteak eskatzen dituen estandarrak bertatik bertara ezagutzeko”, azaldu dute.
Herrialde desberdinetako moztaileekin eta artilariekin izaten ari diren elkar trukeari esker herrialde desberdinetako moztaileen egoera eta egunerokoak ere ezagutzen ari dira. Euskal Herrian ohikoak ez diren sektoreko errealitateak.
Halaber, han eta hemen egiten ari diren Zeelanda Berriko lehiaketeta txikietan pilatzen esperientzia funtsezkoa izaten ari da konfiantza hobetzeko eta txapelketako erritmora egokitzeko, segundo eta akats bakoitza garesti ordaintzen baita mundu mailako txapelketa batean. “Talde teknikoak positiboki baloratzen du selekzioaren bilakaera. Erregulartasuna eta zehaztasuna gero eta hobeagoak dira”, nabarmendu dute.
Prestakuntzako azken astea
Azken asteari begira, selekzioak Munduko Txapelketa hasi aurreko prestatze faseari ekingo dio orain. Aste horretan, karga-bolumenak murriztu egingo dira, afinazio teknikoa eta berreskuratze fisikoa lehenesteko.
Hala, selekzioa ilusio handiarekin iritsiko da nazioarteko hitzordu handira, hainbat astez elkarrekin entrenatu eta esperientzia ahaztezinak bizita. “Amets bat dirudi guzti honek. Ardi mozketa modernoaren sorlekutzat jotzen den herrialdean, maila gorenean lehiatu eta munduko agertokirik handienean Euskal Herria ordezkatuko dugu”.
Bidelagunak
Euskal Herriko selekzioak EKFB-Euskal Kirol Federazioen Batasuna, Eusko Jaurlaritza-Euskadi Basque Country, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Laboral Kutxa, Bizkaiko Landa Garapen Elkartea- Bizkaimendi, Abadiñoko Udala, Juan Celaya Fundazioa, Bizkaiko Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna, Gu ere bai , Gure Esku Dago, Eako Udala, Arrasateko Udala eta EITB ditu bidelagun.
