Euskal Herri osotik hurbildu da Abadiñora Euskal Herriko Ardi Moztaile Txapelketaz gozatzera eta probalekua txiki gelditu da
- Euskal Herriko txapelduna guraizez Joseba Ugalde (Lezama) izan da eta makinaz Mikel Etxebarria (Dima)
- Nazioarteko lehia Ingalaterrak irabazi du
- Open kategorian guraizez Joseba Ugalde (Euskal Herria) eta Llyr Evans (Gales) makinaz izan dira garaile
- Senior kategorian Ben Scottek (Irlanda) lortu du garaipena
Amaitu da Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketaren lehen edizioa. Ederra izan da. Abadiño Euskal Herri osotik eta nazioartetik etorritako ardi moztaileen topagune bilakatu da. Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak (EAME) egiten duen lehen balorazioa oso ona da. “Oso pozik” eta “asebeteta” gaude jasotako erantzunarekin eta egunean zehar izandako bizipenekin:
“Euskal Herri osotik hurbildu da jendea Abadiñora. Goizeko lehen ordutik sortu da giro bikaina. Probalekua txiki gelditu da. Publikoaren zein moztaileen partetik jasotako erantzuna bikaina izan da. Goi mailako ikuskizuna eskaini dute. Emozionatuta gaude. Harro; ikusi eta sentitu dugunaz. Euskal Ardi Moztaileen Elkartearen izenean, bihotz-bihotzez eskertu nahi diegu ekitaldi hau posible egin duten guztiei: artzainei, moztaileei, boluntarioei, ikusleei, komunikabideei, babesleei, eta gugan sinetsi duten guztiei”.
Euskal Herriko Ardi Moztaileen Elkarteak (EAME) antolatutako txapelketak, Abadiñoko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Laboral Kutxaren, Urkiola Landa Garapenaren, Eusko Labelen, EKFB-Euskal Kirol Federazioen Batasunaren, Eusko Jaurlaritza-Euskadi Basque Country-ren eta Udalbiltza Euskal Herriko Udalen patzuergoaren babesa du. Halaber, Bizkaiko Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunaren, EITBren, Eako Udalaren, Erromantzazuko Udalaren, Laudioko Udalaren, Venoren, Schimidt Abadiñoren, Etorkiren, Mariezcurrenaren, Atxa Txikiren, Idiazabalen eta Gu ere bai-en laguntza ere badu.
“Duela bi urte, moztaile soil batzuk besterik ez ginen. Gaur egun, hazten ari den moztaile familia bat gara. Nazioarteko aitortza ofiziala jaso dugu Euskal Herri osoaren izenean; elkartea sortu dugu eta, lehiaketa ofizial bat ospatu dugu. Lan asko dago egiteko, baina bidea egiten ari gara eta horretan jarraituko dugu. Orain arteko filosofia berarekin: lana, lana, lana eta lana”.
Euskal Herriko eta Nazioarteko Txapelketako emaitzak
Euskal Herriko eta nazioarteko 80 moztaile aritu dira lehian Euskal Ardi Moztaileen lehenengo Txapelketan. Euskal Herrian lehen aldiz egin da dimentsio honetako ardi moztaile txapelketa bat. Euskal Herriko eta Nazioarteko Txapelketak, tresnerien erakustaldiak, umeentzako tailerrak, Eusko Labelen eskutik jan-edana, ardi eta artile produktuen azoka. Guztiek izan dute tokia txapelketan. Ardien mundura bete betean jalgi da Abadiño.
Euskal Herriko txapelduna Joseba Ugalde (Lezama) izan da guraizez – 2. Jon Sainte-Marie (Landibarre); 3. Mikel Galvez (Eskoriatza) eta 4. Josu Ekisoain (Ibiriku) – eta Mikel Etxebarria (Dima) makinaz ) – 2. Joseba Ugalde (Lezama); 3. Laurent Paris (Eskoriatza) eta 4. Ipar Arrinda (Lekeitio) – .
Nazioarteko lehia Ingalaterrak irabazi du – 2. Frantzia; 3. Gales; 4. Espainia; 5. Irlanda; 6. Eskozia; 7. Euskal Herria eta 8. Herbehereak – . Open kategorian Llyr Evans (Gales) makinaz – 2. Nick Greaves (Ingalaterra); 3. Jeremy Leygonie (Frantzia) eta 4. Philip Price (Gales) – eta Joseba Ugalde (Euskal Herria) guraizez – 2. Mikel Galvez (Euskal Herria); 3. Archie Paterson (Eskozia) eta 4. Jon Sainte-Marie (Euskal Herria) – izan dira garaile. Senior kategorian, aldiz, Ben Scott (Irlanda) garaile – 2. Julian Karl (Alemania); 3. Christopher Begley (Irlanda) eta 4. Mikel Galvez (Euskal Herria) –.
Emaitzak emaitza, mugarri historikoa izan da txapelketa. Euskal Herriko Ardi Moztaile Txapelketaren bidez Euskal Herriari mozketa lehiakorra, kirola, zer den erakutsi da. Are gehiago, artzain eta moztaile herria garela balioan jarri da. Ogibidea eta kirolaren edertasuna aldarrikatu dira.
“Bidea elkarrekin marrazten jarraitzeko prest gaude. Ardi moztaileok gazteongan inspiragarri izan nahi dugu. Lerro hauen bitartez ardi mozketaren mundu zoragarri hau probatzera animatu nahiko genituzke. Beso zabalik hartuko ditugu”.
Munduko Txapelketa ate joka
Gaurtik hasita, erronka berri batean murgilduko da Euskal Herriko Ardi Moztaileen Elkartea, 2026ko Golden Shears Munduko Txapelketa, martxoaren 4tik 7ra Mastertonen (Zeelanda Berria) ospatuko dena.
Makinaz arituko diren bi moztailek, guraizezko bi moztailek eta bi artilarik osatuko dute munduko txapelketa parte hartuko duen lehen Euskal Herriko selekzioa. Horiez gain, taldeburu bat, epaile bat eta entrenatzailea joango dira. Euskal moztaileak munduko txapelketara eramateko guztion sostengua ezinbestekoa izango da. Guztion indarrak batzea.
