Egun osoko egitaraua izango du irailaren 27an, Abadiñoko probalekuan, ospatuko den Euskal Herriko Ardi Moztaileen lehen txapelketak.
- Lagun artean zein familian gozatzeko aukera paregabea izango da goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara
- Euskal Herriko eta Nazioarteko Txapelketak, tresnerien erakustaldiak, umeentzako tailerrak, Eusko Label produktuak dastatzeko aukera eta ardi eta artile produktuen azoka barne hartuko ditu programak
- Historian lehen aldiz Euskal Herriko moztaile txapeldun bat izango da
- Euskal Herriko txapelketaz gain nazioen arteko lehiaketa jokatuko dute Euskal Herriak, Eskoziak, Irlandak, Herbehereak, Frantziak, Espainiak eta Alemaniak
- Teknika, abiadura eta trebezia handiko ikuskizuna: guztira 60 moztaile arituko dira lehian eta Euskal Herri osotik etorritako 700 ardiri ilea moztuko diete
- 2026ko martxoan ospatuko den Zeelanda Berriko munduko txapelketan Euskal Herria ordezkatuko duten bederatzi lagunak hautatuko dira Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketaren lehen edizioa irailaren 27an ospatuko da Abadiñoko probalekuan eta, egun osoko egitarau oparoa antolatu du Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak (EAME). Goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara, lagun artean zein familian gozatzeko aukera paregabea izango da Abadiñora gerturatzen diren guztientzat.
Gustu eta adin tarte guztientzako programa osatu da: Euskal Herriko eta Nazioarteko Txapelketak, tresnerien erakustaldiak, umeentzako tailerrak, Eusko Label produktuak dastatzeko aukera eta ardi eta artile produktuen azoka.
Historian lehen aldiz, Euskal Herriko moztaile txapelduna nor izango den ezagutuko da. Euskal Herriko Txapelketaz gain, gainera, Nazioarteko Txapelketa ere jokatuko da Abadiñon. Euskal Herriak, Eskoziak, Irlandak, Herbehereak, Frantziak, Espainiak eta Alemaniak neurtuko dituzte indarrak bertan. Maila handiko moztaileak. Teknika, abiadura eta trebezia handiko ikuskizuna. Guztira, 60 moztaile arituko dira lehian eta Euskal Herriko 700 ardiri moztuko diete ilea.
Bi dira Euskal Herriko eta Nazioarteko Txapelketan ardi moztaileak lehiatuko diren modalitateak: makina eta guraizea. Makina bidezkoan, ardiaren ilea elektrizitate bidezko makinarekin kenduko dute. Guraize modalitatean, ardien ilea eskuzko artaziekin moztuko dute.
Goizetik hasiko dira lehiak. Goizaren lehen zatian, eguerdira bitarte, Euskal Herriko Txapelketaren eta Nazioarteko Txapelketaren kanporaketak jokatuko dira. Arratsaldean, aldiz, 16:00etatik aurrera fi nal-erdiak eta fi nalak jokatuko dira. Euskal Herriko Txapelduna eta Nazioarteko Txapelketako selekzio garailea ezagutuko dira arratsalde amaieran.
Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak (EAME) antolatutako txapelketak, Abadiñoko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Laboral Kutxaren, Urkiola Landa Garapenaren, Eusko Labelen, EKFB-Euskal Kirol Federazioen Batasunaren, Eusko Jaurlaritza-Euskadi Basque Country- ren eta Udalbiltza Euskal Herriko Udalen patzuergoaren babesa du. Halaber, Bizkaiko Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunaren, EITBren, Eako Udalaren, Erromantzazuko Udalaren, Uharte-Arakilgo Udalaren, Venoren eta Gu ere bai-en laguntza ere badu.
Euskal Herriko eta Nazioarteko Txapelketa
Historian lehen aldiz, Euskal Herriko moztaile txapeldun bat izango da 2025ean. Munduko kontseiluak jartzen dituen nazioarteko arauen araberako txapelketa izango da eta nazioarteko 8-10 epailek ebaluatuko dute moztaileen lana. Epaile nagusia Robbie Hislop eskoziarra izango da.
Are gehiago, Euskal Herriko Txapelketan 2026ko martxoaren 4tik 7ra Mastertonen, Zeelanda Berrian, ospatuko den Golden Shears World Championship munduko txapelketan parte hartuko duen selekzioa hautatzeko proba baliagarria izango da.
Euskal Herria munduko txapelketan ordezkatuko duten taldea bederatzi lagunek osatuko dute: makinaz arituko diren bi moztailek, guraizez arituko diren bi moztailek, artile kudeatzaile bik, talde burua, epailea eta entrenatzailea.
Euskal Herriko Txapelketaz gain, Nazioarteko Txapelketa ere jokatuko da Abadiñon. Euskal Herriak, Eskoziak, Irlandak, Herbehereak, Frantziak, Espainiak eta Alemaniak, neurtuko dituzte indarrak bertan. Euskal Herriko eta nazioarteko moztailerik onenetako batzuk bertatik bertara ikusteko aukera paregabea izango da.
Ogibide zaharretik bere alde lehiakorra sortu da. Oro har, moztaileak denboraren aurka lehiatuko dira, ahalik eta ardi gehien mozteko denbora jakin baten barruan. Epaileek mozketaren kalitatea ebaluatuko dute eta abiadurak garrantzi handia izango du, baina moztaileek zehaztasunarekin orekatu beharko dute, ardiak zaindu eta artilearen kalitatean eraginik ez izateko.
Euskal Herriko Selekzioa
Mundu mailako ardi-ile mozte ekitaldietan eta txapelketetan Euskal Herria ordezkatzen dugu. 2023an, Golden Shears Munduko Kontseiluak, aho batez onartu zuen Euskal Herriari beste herrialdeekin batera lehiatzeko aukera ematea, besteen artean, Espainiak eta Frantziak. Mugarri historikoa da.
Gure selekzioa Euskal Herriko zazpi probintzietako ardi moztaileez osatuta egongo da. Nazioarteko zirkuituan zein hiru urtetik behin ospatzen den munduko txapelketan parte hartu ahal izango dugu Euskal Herria-Basque Country bezala. Ardi moztaileontzat ohore bat da gure herria ordezkatzea: gure baloreen, gure nortasunaren, gure identitatearen erakusleihoa izatea.
Euskal Herriko moztaileen egutegia
Halaber, 2025ean eta 2026an ondorengo data eta lekuetan lehiatuko dira euskal moztaileak:
2025
- Uztailak 12-13: Boussac (Frantzia). Makina, guraizea eta artile sailkaketa.
- Uztailak 19: Martel (Frantzia). Makina eta guraizea. Euskal Herria VS Frantzia
- Uztailak 25-26: Corwen Shears (Gales). Makina, guraizea eta artile sailkaketa.
- Abuztuak 16: Speed Shear (Zugarramurdi-Euskal Herria). Makina.
- Abuztuak 31: Artzai Eguna (Uharte Arakil-Euskal Herria). Makina.
- Irailak 27: Euskal Herriko Txapelketa (Abadiño-Euskal Herria). Makina eta guraizea.
2026
- Martxoak 4-7: Golden Shears World Championship (Masterton-Zeelanda Berria). Makina, guraizea eta artile kudeaketa.


